Gaubeako tomate makronegutegiari buruzko prentsa-agiria

Duela 4 urtetik hona, negutegi baten instalazioari buruzko berriak entzuten ari gara. Negutegi horrek 20 hektarea inguru hartuko ditu, 20 futbol-zelai inguru, Gaubeako (Araba) laborantzalurretan, tomateak ekoizteko.

Ekimena “Cultivos Araba” enpresatik dator. Enpresa horren akziodun nagusia Hispalus da, Almeriakoa eta tomatea merkaturatzen esperientzia duena, eta Barrenetxe Bizkaiko ortuzain kooperatiba bazkide duena.

Badirudi proiektuak arrakasta izango lukeela, Eroskik ekoizten dituen tomate guztiak saltzeko prest omen dagoelako. Gainera, bertako produktu gisa salduko luke, azken aldian elikagai bat saltzeko esloganik onena baita.

Negutegi hau dimentsio handikoa ez ezik, azken teknologiak erabiliz ere kudeatuko litzateke. Landarearen sustraiak ez lirateke lurrean egongo, zaku batean baizik, eta tantakako sistema baten bidez, landareak behar dituen ura eta mantenugaiak emango lirateke.

Ongarritze hori ordenagailuprograma baten bidez egingo litzateke, landare bakoitzak elikagai egokiak jasotzen dituela kontrolatzeko. Programa informatiko batek negutegiko aireztapena eta berokuntza ere kontrolatuko lituzke, argi eta tenperatura baldintza egokiak sortzen saiatzeko.

Tomatea urte osoan ekoiztea da asmoa, eta, beraz, urtean hilabete askotan gas-erregailu batzuen bidez berotu beharko lirateke instalazioak. Almerian egon ohi direnak ez bezalako negutegi mota bat da, eta Holanda bezalako herrialde hotzetan daudenen antzekoa, altzairuz eta kristalez eraikiak, eta 6 metroko altuerakoa.

Erakunde publikoek hasieratik babestu zuten proiektu hau, makroproiektua bada eta teknologia modernoa erabiltzen badu ona izan behar duela pentsatuz. Gainera, enpresaburuak esan zuenez 150 lanpostu baino gehiago sortuko zituela soldata duinekin (14 euro orduko), eskualdean dagoen langabezia-arazoa konponduko zuen lan erakargarria izango zela uste zen.

Eusko Jaurlaritzak 659.435 euro jarri zituen 2021eko martxoan negutegia eraikitzeko; Arabako Foru Aldundiak, berriz, 100.000 euro eman zituen 2021eko azaroan, enplegatu beharreko pertsonen prestakuntza espezializatua doakoa izan zedin; eta Araba Aldundiaren Garapen Agentziak beste 319.309 euro eman zituen 2022ko martxoan, errepide bidezko sarbideak negutegira egokitzeko. Guztira, 1,1 milioi euro bideratu dira diru publikotik proiektu honetara.

Proiektuaren lehen faseko obrak 2021eko uztailean hasi ziren 5 hektareako negutegi bat eraikitzen, eta, gaur egun, ia amaituta dago. Aldi berean, 2021eko azaroan, hiru prestakuntza-ikastaroetako lehena hasi zen. Ikastaroak egiten zituzten gehienak gazteak eta ingurukoak zirenez, negutegi horrek langabezia konponduko eta udalerria dinamizatuko omen zituen.

Helburua 2022ko ekainean tomatea landatzen hastea zen, lehen uzta 2022ko irailean biltzeko. Baina 2022ko ekainaren 15ean, Radio Vitoriak proiektu honetan hainbat aldaketa garrantzitsuren berri eman zuen ( https://www.eitb.eus/es/nahieran/radio/radio-vitoria/araba-gaur-mediodia/detalle/8879663/ ) honela:

– 6 eta 12 hilabete artean atzeratzea negutegia inauguratzea, edo ez irekitzea argiaren, gasaren eta uraren prezio altuagatik,

– Tomatea biltegiratzeko eta paketatzeko lanak Irunera joango zirela, eta

– Astelehenetik ostiralera bitarteko ordutegian hilean 1.500 euro gordineko soldatak ordaindu beharrean, lan baldintza okerragoak dituzten denboraldi bakoitzeko soldatak ordainduko lirateke.

Proiektuan izandako aldaketa horien aurrean, Elikadura Iraunkorraren aldeko Mugimenduak honako hau adierazi nahi du:

– Ekimen honek eskualdeko biztanleen artean desengainu eta ezinegon handia sortu duela, enpresariak eta erakundeek agindutako lan oo eta duina aurkitzeko aukera desagertzen ari dela ikusita,

– Makronegutegi hau ez da inoiz proiektu ona izan udalerriko langabeziari aurre egiteko. Alde batetik, gazteenentzat lanpostuak eskaintzen zituelako, kontuan hartu gabe Gaubean langabeen % 56k 45 urte baino gehiago dituela. Bestalde, eskualdeko gazte asko ikastaroa egiten egoteak ez zuen esan nahi ikasturtea amaitzean kontratatuko zituztenik.

– Proiektu honek 150 enplegu sortzea lortzen ez badu, edo orduko 14 euroko soldata ordaintzen ez badu, enpresaburuak hitzeman bezala, erakundeek enpresari eskatu behar dizkiote emandako dirulaguntzak.

– Makroproiektu hauek buztinezko oinak dituzten erraldoiak dira, funtzionatzeko intsumo ugari erosi behar dutenez, mendetasun handia dutelako. Dirudienez, gasaren, elektrizitatearen edo uraren garestitzeak eragin du makronegutegi horren bideragarritasun ekonomikoa zalantzan jartzea, baina baliteke beste intsumo askoren prezioaren igoeragatik izan izana, hala nola ongarriena edo pestizidena.

– Energiaren mendekotasun handia duten nekazaritza-ekoizpeneko eredu horiek gaindituta dauden beste garai batekoak dira, goi mailako teknologiarekin batera etorri, eta oso modernoak iruditu arren. Gaur egun, benetako aurrerapena energia gutxiago kontsumitzen duten eta berotegiefektuko gas gutxiago isurtzen duten proiektuen eskutik dator. Ba al du zentzurik, urtean hilabete askotan instalazioak berotzeko gasa ugari erreko duen negutegi bat irekitzeak? Ez al da zentzuzkoagoa tomatea hilabete hotzetan jateari uztea, bere sasoia ez denean? Erakundeek energetikoki jasangarriagoak diren nekazaritza eta abeltzaintza ereduetarako gorde beharko lituzkete diru-laguntzak.

– Gaubean eta bere eskualdean enplegua sortzea landa-garapeneko beste eredu batean oinarritu beharko litzateke. Kalitate eskaseko eta kanpoko enplegua sortuko duen, eta negozioa 900 km-ra kudeatzen duen enpresari bati diru-laguntza handi bat ematea baino egokiagoa litzateke lehendik dagoen produkzio-sarea indartzea eta lurraldean errotuta dauden pertsonen artean sortzen diren ekimen berriak babestea.

Vitoria-Gasteiz, 2022ko ekainaren 21ean.

Elikadura Iraunkorraren aldeko Mugimendua honako elkarte hauek osatzen dute: Bioalai, Bionekazaritza, Arabako Sagar eta Sagardo Elkartea, EHkolektiboa, Ekoizpen Urduña, Ekologistak martxan Araba, Azoka Nekazaritza ekologikoa Arabako Campusean, Elikadura Justizia eta Euskadiko Hazien Sarea.